XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ba, baserri hartatik ezkerreruntz ageri zen bada zuhaiztia, harizti eder bat, zuk esan bait zenidan zergaitik ez ginen joaten hara meriendatzera, amari oihu eginda, eta nik ezetz (futbola botatzen bait zuten zortzitan telebistan), amak ezin izango zuela malda haietatik ibili zapata takoidunez, eta bestalde berandu zela, berehala ilunduko zuela eta gero ezin izango ginela etxera itzuli, eta zuk sekulako seta hartu zenuela (izugarrizko kasketak hartzen dituzu batzutan, pottoka, eta hori ez zaio batere gustatzen aitari!); oroitzen zara guzti hortaz?.

Ba, hantxe, zuhaitz multzo haren bestaldetik zegoen kokaturik historio hontako baserria, eta hantxe bertan bizi izan ziren aipatutako amona eta bere bi biloba hauek.

Ni ume koxkorra oraindik, iritsi nintzen egun batez haraino eta ezagutu nuen etxe hori, hortaz dakit.

Basetxe betilun nabar bat zen, zurbila, amildu egingo zela zirudien baldin eta huntzek paretei eutsiko ez balieke; baldana eta narratsa, baina polita... nola esango nizuke... sorginzulo eta kilikagarri etxe hura han, behelainoaren artean, geza eta gozo, inguruko zuhaitz zelatarien artean kulunkan, kuzkur, kuttun.

Bi aldetatik sarrera banakin, behekaldeko ataritik mintzatzea aski, eta maratilarik gabeko ategainekoa bultza, ukuilua erdizka bederen kuskuxeatu nahi bazenuen.

Amona gaixo hura eta bilobak bizi ziren etxe hark bazuen beraz ukuilua.

Badakizue zer den ukuilua, ezta?... Lehen (eta oraindik baserritan) gizonak abereekin elkar bizi ohi ziren etxe berean, eta behiek esnea ematen zuten gizonarentzat, eta oiloek arraultzak, eta gizonek abereei jaten eta edaten, eta teilatu beraren gorapean bizi ziren denak, ez dakizu zein ondo.